Lan honetarako soinu organikoak eta elektronikoak uztartu ditu musikari nafarrak, gitarra distortsionatuak, sintetizadore analogikoak eta vocoder-ak erabiliz. Diskoaren aurkezpen kontzertua martxoaren 7an izango da Lesakan. Hortik aurrera, Euskal Herrian zehar ibiliko da oholtzaz oholtza.
Olaia Inziarte musikariak (Oronoz, 1999) bigarren lan luzea plazaratu du Zerrautsa izenpean. Disko berria arlo pertsonaletik haratago doala dio nafarrak, “hauskortasunari, eraldaketari eta barne-adiskidetzearen bilaketari buruzko elkarrizketa unibertsalean sakontzeko”. Era berean, hausnarketa kritikoa egiten du gizartean sortzen diren dinamikei buruz, bereziki, musikaren munduan sortzen diren dinamikei buruz, eta etsipenetik abesten ditu.
Zerrautsa sortze-prozesuan ezinbestekoa den, baina baztertzen den hondakin-materiala da. Metafora honek norberaren izaeraren eraikuntzan eta esperientzia pertsonalen bitartez bizitako prozesuarekin bat egiten du. Disko honetarako, soinu organikoak eta elektronikoak uztartu ditu musikariak, gitarra distortsionatuak, sintetizadore analogikoak eta vocoder-ak erabiliz. Horrek guztiak, emozio-espektro zabal eta bizia duten paisaia musikalak eraikitzen dituela adierazi du.
Diskoan Natxo De Felipe musikaria aritu da kolaborazio lanak egiten eta abeslari nafarraren esanetan, “diskoari sakontasun historiko eta kulturala ematen dio”. Inziartek bere sustraiekin duen lotura eta adierazpen artistiko berrien bilaketa etengabea nabarmentzen du. Lan berriak hamalau abesti biltzen ditu, eta “bidai sonoro, intimo eta eraldatzaile” bat eskaintzen dio entzuleari.
Diskoaren aurkezpen kontzertua martxoaren 7an izango da Lesakan. Hortik aurrera, Euskal Herrian zehar ibiliko da oholtzaz oholtza. Arrasate, Gasteiz, Baiona, Iruñea, Azpeitia edota Barakaldo (BEC) izango dira bisitatuko dituen herri eta hirietako batzuk.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian