Erakusketa martxoaren 15era arte bisitatu ahal izango da.
Donostiako Okendo Kultur Etxeak ‘Harri Orri Arkatz’ erakusketa zabaldu du eraikin berriko aretoan. Bilduma berri honek eskalada-krokisaren historia aberatsa ezagutzera eman nahi du, eta horretarako, lan eta egile ugari aurkezten dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, “kontakizun idatziaren lagun bereizezin gisa, krokisa eskaladarako funtsezko informazioa transmititzeko modua da. Era berean, krokisa egilearen subjektibotasunari lotuta dago eta, beraz, hura aberastuko duten baliabide artistikoen menpe. Horrela, tresna funtzional horrek estatus desberdina hartzen du, eta, bertan, zirrararako espazio bat irekitzen da, adierazpen artistiko gisa hartzeko aukera ematen duena”.
Bidaia hau bere egileek argitaratu duten Artea eskalako krokisean liburuan, Harri Orri Arkatz erakusketan eta orain editatzen ari diren filmarekin osatuko da.
Erakusketako paneletan mundu osoko egileek egindako krokisak biltzen dira, mendigune desberdinei buruzkoak eta teknika eta helburu desberdinekin eginak, krokis erabat praktiko eta erabilgarrietatik hasi eta krokis artistikoetaraino. Beira-arasetan, berriz, krokisen sortze prozesuaren berri ematen da, baita eskaladarako informazio iturri gisa jokatzen duten paperaren berri ere, aldizkarien, eskalada giden edo liburuen bidez.
Erakusketan Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorza egile nagusien ekarpenaz gain, Armand Ballart, Rolo Garibotti, Phillippe Barthez, François Carrafancq, Pierre Ravier, Christian Ravier, Jeremy Collins, Chema Agustín, Angel Lopez Cintero, Clay Wadman, Julio Villar, Elio Orlandi, Craig Muderlak, Rhiannon Klee, Philippe Mussatto, Simon Elias eta Oscar Masoren lanak, besteak beste, ikusteko aukera egongo da.
Erakusketarekin lotutako jarduerak
Urtarrilaren 23an, ExpoCroquis komisarioekin bisita gidatua egingo da euskaraz. Aurretik izena eman beharko da Okendo kultur etxean. Urtarrilaren 24an, Krokisen mundua hitzaldia izango da Armand Ballarten eskutik, Okendoko areto nagusian. Urtarrilaren 30ean, Uxue Loizu eta Maialen Rojoren Abriendo camino, Groenlandia dokumentala proiektatuko da, Okendoko areto nagusian. Otsailaren 27, erakusketaren komisarioekin bisita gidatua egingo da gaztelaniaz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian