Besteak beste, euskaraz bizi nahi dutenentzako ikastaroak izango dira. Izena eman nahi dutenek otsailaren 20ra arte izango dute epea zabalik.
Karrikiri Elkarteak Astindu izeneko topaketak antolatu ditu martxoaren 22an eta 29an eta apirilaren 5ean eta 12an, Iruñeko Eusko Kultur Fundazioan. Ameslarientzako ikastaroa dela dio Elkarteak, “euskararen biziberritzerako tresna, ekintza, amets berriak sortu nahi dituztenentzat”. Horretaz gain, euskaraz bizi nahi dutenei, euskararen ekintzaileei, kultur sortzaileei, bere inguruan euskararen presentzia indartu nahi dutenei edota euskararen biziberritzean amets eta epika berriak nahi dituztenei zuzenduta daude jardunaldi hauek.
Saioen formatuari dagokionez, bi zatitan banatuko dira: “Lehenengoan adituen hitzaldiak izango dira, gai teorikoetan patxadaz janzteko eta bakoitzaren beharrei norabidea aurkitzen laguntzeko, galdera-erantzun tarte zabalekin”, azaldu dute antolatzaileek.
Bigarren zatian, berriz, azpimarra teknikoak egiteko tartea izango da, “soziolinguistikatik, adituen hitzaldietan zein parte-hartzaileen korapiloetan oinarrituta, modu parte-hartzailean diskurtso eraginkorrak eraikitzeko”.
Saio guztiak goizeko 9:00etatik 13:00etara izango dira.
Interesa dutenek otsailaren 20a baino lehen egin beharko dute aurrematrikulazioa. Izena emateko galdetegia bete beharko dute.
Egitaraua
Martxoaren 22an, Nondik gatoz? hitzaldia: Txepetx, Fishman: iraultza soziolinguistikoetatik, gaur egungo komunitate estrategia eta jauzi politikoetara. Jon Sarasuaren (HUHEZI, Euskaltzaindia) eskutik. Azpimarra teknikoa: soziolinguistika oinarriak berrikusi: hizkuntza komunitatea, hizkuntza minoritarioa vs minorizatua, hizkuntza funtzioak, diglosia, arnasguneak.
Martxoaren 29an, Nola gaude? I hitzaldia: Hizkuntza transmisiotik sozializaziora: paradigma eta arau soziolinguistiko berrien bila. Jone Miren Hernandezen (EHU) eskutik. Azpimarra teknikoa: hizkuntza-sozializazioan trebatu: publiko segmentazioen dinamikak, segmentu bakoitzaren aktibazio eta behar posibleak.
Apirilaren 5ean, Nola gaude? II hitzaldia: Dantza eta euskararen txirikorda: burujabetasuna eta ahalduntzea. Aritz Ibañezen (Duguna) eskutik. Azpimarra teknikoa: auto-eraketa eta auto-finantzaketa, hizkuntza komunitatearen mundu ikuskera, tradizioa vs herri kultura, belaunaldi berriak eta transgresioa.
Apirilaren 12an, Nora goaz? hitzaldia: Astintzen gaituzten ametsak: euskaldunon komunitatearen etorkizuneko kontakizunak eta ekintzak, Rosa Ramosen (Uharri) eskutik. Azpimarra teknikoa: euskararen biziberritzearen kontakizuna eguneratu etorkizun ikuspegitik, eta komunikazio disimetrikoan trebatuta.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian