Idazle gazteek ekainaren 30era arte izango dute euren proiektuak aurkezteko epea zabalik.
Euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak Igartza Bekaren oinarriak aurkeztu dituzte. “Ibilbide honetan, euskal literaturaren eremuan izena eta izana lortu du idazle gazteentzako Igartza Literatura Bekak”, nabarmendu dute antolatzaileek.
XXVIII. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte baino gutxiago izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.
Aurtengo ediziorako epaimahaia Esti Martinez Diaz de Cerio, Garazi Kamio eta Olatz Mitxelena idazleek osatuko dute. Proiektuak, 2025eko ekainaren 30era arte bidali ahal izango dira, bi bide hauetako bat erabiliz: udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztuta, horretarako eskaria betez edo www.beasain.eus atariaren bidez. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den 2025eko irailaren 15a baino lehen erabakiko du epaimahaiak. Bekaren diru kopurua 10.000 eurokoa izango da.
Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua entregatzeko. “Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 75 bat orrialde gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikideei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso”, zehaztu du antolakuntzak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian