Denboraldia zortzi kontzertuz osatuta egongo da. Kontzertu horiek XVI. mendetik gaur egunera arteko errepertorio musikalean zehar ibilbidea eskainiko dute.
Martxoaren 16an hasiko da Gasteizko Ganbera Zikloaren XIV. edizioa. Aurten ere, ekimen honen bidez, programazio berezia eskainiko da, ekoizpen propioan eta Gasteizko egitura musikalaren sorkuntzan oinarrituta. Proiektu honen helburua da Gasteizko musika-programazioa aberastea eta tokiko musikariei ikusgarritasuna ematea, proiektu berriak garatzen lagunduz.
Aurtengo denboraldia zortzi kontzertuz osatuta egongo da. Kontzertu horiek XVI. mendetik gaur egunera arteko errepertorio musikalean zehar ibilbidea eskainiko dute, musika herrikoian arreta berezia jarriz. Emanaldi guztiak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian izango dira martxotik urrira bitartean, eta Carlos Seco izango da zuzendari artistikoa.
Zikloa Dolmen Ensemble haize boskotearekin abiatuko da hilaren 16an. Apirilaren 6an, berriz, Antzinako musika izango The New Old taldearekin. Maiatzaren 18an, Helene Garcia Barrenetxea sopranoak eta Alaitz Artola piano jotzaileak ahots kontzertua eskainiko dute. Maiatzaren 25ean, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketako sarituen kontzertuaren txanda izango da, eta ekainaren 8an, abesbatzen kontzertua. Udako geldiunearen ostean, irailaren 7an jarraituko du zikloak Victoria Ensemblerekin. Irailaren 28an, berriz, Trio Klavier izango da taula gainean. Zikloari amaiera emateko, urriaren 12an, Victor Parrak, Ivan Casadok eta Alfonso Gomezek Raveli omenaldia egingo diote.
Guridi Gazteak
Zikloak beti izan du kontuan belaunaldien arteko erreleboa. Horretarako, bakarlari gazteen emanaldiak programatu izan ditu, eta eskarmentu handiko musikariekin batera taldetan parte-hartzea bultzatu. Horregatik, aurtengo edizioan Guridi Gazteak atala mantendu da; hau da, kontzertu bakoitzaren aurretik Kontserbatorioko ikasleek emanaldi laburra eskainiko dute.
Abonuak (35 euro) eta sarrerak (7 euro) dagoeneko eskuragarri daude www.entradium.com webgunean. Gainera, kontserbatorioko sarreran, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenago arte egongo dira eskuragarri. 30 urtetik beherako ikasleek eta langabetuek doan sartzeko aukera izango dute.
Egitaraua osorik, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian