Berrikuntza gisa, aurten, modalitate eta egile bakoitzeko obra bakar bat aurkeztu ahal izango da. Poesia-bildumak gai librekoak eta 400 eta 800 bertso artekoak izan beharko dira eta posta arruntez edo posta elektronikoz aurkeztu ahal izango dira apirilaren 30era arte.
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren hemeretzigarren edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Apirilaren 30era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik, bai gaztelaniaz eta baita euskaraz ere. Aurtengo berrikuntza nagusi gisa lan bakar bat aurkeztu ahal izango da modalitate eta egile bakoitzeko.
Aurkeztutako lanek guztiz argitaratu gabeak izan behar dute, aurretik ebatzitako beste ezein lehiaketatan saririk eskuratu gabeak, eta une honetan beste poesia-lehiaketa batean parte hartzen ari ez direnak. Aurreko urteetan irabazle izandakoak ezin izango dira aurkeztu. Poema-bildumen gaia eta forma libreak izango dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa. Modalitate bakoitzeko lan hoberenak 3.000 euroko sari bakarra izango du. Sari ekonomikoa emateaz gain, irabazleen lanak argitaratuko dira. Sariaren epaia ekainean emango da ezagutzera.
Antolatzaileen zehaztu dutenez, “jatorrizko lanen lau ale aurkeztu beharko dira, elkarrengandik bereizita eta DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta. Poemak tarte bikoitzean idatzita egon beharko dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak. Jatorrizko lanak lema eta plikako sistemaren arabera aurkeztu ahal izango dira. Azalean izenburua eta leloa jarriko dituzte”.
Bestalde, atxikitako gutun-azal itxi batean egilearen izen-abizenak, adina, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa eman beharko dira. Gainera, lanarekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela beste edozein literatura lehiaketatan aurkeztu.
Parte hartu nahi dutenek posta ziurtatuaren bitartez bidali beharko dituzte lanak Nafar Ateneora (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa) eta gutun-azalean honako hau adierazi beharko dute, hartzaile gisara: IRUÑA HIRIA Nazioarteko XIX. Poesia Sarirako. Halaber, lanak posta elektroniko bidez ere igorri ahal izango dira ateneo@ateneonavarro.es helbidera. Kasu honetan mezuari bi eranskin hauek atxikiko zaizkio: bata, egilearen datuekin eta bestea, lanarekin.
Sariaren azken edizioan 453 poema-bilduma jaso ziren, 438 gaztelaniaz eta 15 euskaraz, 17 eta 91 urte bitarteko 95 emakumek eta 336 gizonek sortuak. Sarituak honako hauek izan ziren: Nadia Fabo Andresen gaztelaniazko Pitx eta Joseba Esparza Gorraizen euskarazko Ttau eta biok izan ziren Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Sariaren irabazleak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian