Egitasmo honen bidez, gazteei proiektu kolektiboak garatzeko laguntza eskaini nahi zaie. 18 eta 30 urte arteko gazteek apirilaren 4ra arte aurkeztu ditzakete haien proiektuak.
Proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei babesa emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gazteak Auzolanean diru-laguntza-programaren edizio berri abiatu du aurten ere.
Aurreko urteetan bezala, hautatutako proiektuek ere laguntza teknikoa jasoko dute Gaztegune+ programaren lan jardunaldien eta jarraipen tutoretzen bidez, beren ideia proiektu bihurtzeko.
Goizane Alvarez Kultura eta Gazteria diputatuak nabarmendu duenez, “garrantzitsua da gizartean eragina duten proiektuak garatzeko bultzada sentitzen duten gazte horien proaktibitatea indartzea”, eta adibide gisa jarri ditu iazko ekimenak, aurten garatzen ari direnak, gazteentzat interes handikoak diren gaiak jorratzen dituztenak, hala nola “osasun mentala, aisialdi inklusiboa, emozioen kudeaketa, arte garaikidea edo deskonexio digitala”.
Eskabideak apirilaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira, dagokien dokumentazioarekin batera. Aurkeztutako proiektu guztietatik bost aukeratuko dira, eta horietako bakoitzak 1.500 eta 5.000 euro arteko diru-laguntza jasoko du proiektua 2026ko ekaina baino lehen garatu ahal izateko.
Proiektuak honako arlo hauetako batekoa edo batzuetakoa izan behar du: proiektu artistiko eta/edo kultural komunitarioak; jasangarritasuna eta ingurunearen zaintza oinarri duten proiektuak; eta berrikuntza sozial edo komunitarioko proiektuak, genero berdintasunaren, euskararen, kulturartekotasunaren, elkartasunaren eta bestelakoen eremuetan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian