Maria Goiricelayak idatzi eta zuzendutako Filtro euskal-uruguaitar koprodukzioa larunbat honetan, hilak 29, iritsiko da BBK aretora.
La Dramatica Errante konpainia bilbotarrak Filtro izeneko nazioarteko lehen koprodukzioa aurkeztu du. Montevideoko Verdi Aretoarekin batera sortutako lan berri hau Bilboko BBK aretoan ikusi ahal izango da datorren larunbatean, martxoak 29.
Obrak ‘Filtroko gertaera’ du hizpide, 1985ean demokrazia Uruguaira itzuli zenetik errepresio sozialaren mugarririk larriena. 1994ko abuztuaren 24ko gauean, Montevideoko Filtro Ospitalearen inguruan manifestazio handi batek babes politikoa eskatu zuen estraditatu behar zituzten Josu Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskaldunentzat. Poliziak gogor egin zuen kontzentratutako milaka pertsonen aurka; hainbeste, ezen zifra ofizialek hildako bat (gutxienez bi izan zirela uste den arren), larri zauritutako 100 zibil baino gehiago (15 balaz) eta zauritu arin kontaezinak aitortu baitzituzten.
Filtro sortzeko Uruguaiko Ordezkarien Ganberaren transkripzioak eta epaiketaren laburpenak erabili dituzte, eta baita hainbat liburu, egunkari, ikus-entzunezko material, elkarrizketa eta abar ere. Urtebete baino gehiagoko ikerketa eta idazketa prozesuaren ondoren, lanak “jendeari galderak egiten dizkio orain, eztabaida eta hausnarketa sortzeko”, Maria Goiricelaya Bilboko konpainiako kidearen hitzetan. Bere zigilu artistikoari leial, Filtro lanean La Dramatica Errantek oraintsuko historia berrikusten du, “ziurtasunak desmuntatzen eta galdera berriak sortzen saiatuz, nazioarteko elkartasunari balioa emanez, justiziaren funtzionamendua berrikusiz eta ez errepikatzea bilatuz”.
Goiricelayak idatzi eta zuzendua, Ane Pikaza bere kide artistikoarekin batera, zuzendari laguntzaile gisa, iazko abuztuaren 31n estreinatu zen, Montevideon, gertakari horien 30. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Uruguaiko lau antzezlek (Marcos Valls, Agustin Urrutia, Camila Parard eta Luis Pazos) osatzen dute obra, eta joan den astean aurkeztu zuten estreinakoz muntaia Euskal Herrian, dFERIA arte eszenikoen Donostiako azokan. Datorren larunbatean, martxoak 29, Filtro Bilbon ikusi ahal izango BBK aretoan, 19:30ean. Sarrerak salgai daude Bilboko aretoko leihatilan eta webgunean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian