Helburua euskararen iragana, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituen dokumentala ontzen laguntzea da.
AEK-Korrika eta Mirokutana ekoiztetxea Jalgi Hadi! crowdfunding kanpainan bete-betean sartuta daude, euskara eta Korrika ardatz izango dituen dokumentala ekoizteko. Ikus-entzunezkoa dagoeneko grabatzen hasi da Ander Iriarte zinemagilea, eta larunbatean Agurainen egindako AEKren Nazio Batzarra ere baliatu zuen irudiak hartzeko.
Hain zuzen, larunbatean erdietsi zuen kanpainak gutxieneko finantzazioaren herena; 10.000 euro. AEK-Korrikako kideek kanpainari oraindik 27 egun geratzen zaizkiola gogorarazi dute.
Azaldu dutenez, “dokumental honetan Korrika barrutik ezagutuko dugu: batetik, ekimena posible egiten duen taldeari jarraitu eta bidean sortzen diren kezka eta arazoei elkarrekin aurre egingo diegu, Korrikaren zirrara lehen pertsonan bizitzeko; bestetik, filma hainbaten topagune bihurtuko dugu: soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile, politikari eta beste hamaika euskaltzale. Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo dugu”.
Euskara bidegurutzean
Sustatzaileek adierazi dutenez, ez dago inon idatzita, baina euskaltzale guztiok egin dugu irakurketa bera. Euskara bidegurutzean aurkitzen da berriz eta euskaltzaleok berpizkunde berri bat abiatu behar dugu gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan. Horretarako, eragile guztien arteko eztabaida irekia behar dugu, elkarri entzun, eta batu. Eta ez da ezer metatzaileagoa Euskal Herrian Korrika baino. Kezka hauekin abiatu dugu Jalgi Hadi! filma”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian