Lanbide tradizionalei eskainitako programa honetan, aurten, erakusketa bat izango da Laborategia aretoan, eta gaiarekin lotutako lagin bat eta erakustaldiak klaustroan. Beste jarduera batzuk ere egingo dira udaberriko oporraldian.
Donostiako San Telmo Museoak antolatzen duen Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak egitasmoak herri musika tresnen artisautza izango du ardatz aurten. Programa hau 2018an hasi zen, eta aurreko edizioetan lihoa, artzaintza, gaztaren elaborazioa, saskigintza eta txokolategintza izan dira gai nagusiak. Proiektuak hainbat lanbide tradizional ezagutzen eta zabaltzen lagundu nahi du: teknikak eta lan egiteko moduak, erabilgarritasuna, lotutako ohiturak, horiek garatzen dituzten pertsonak. Erakusketa iraunkorrarekin lotura izaten du beti, eta Aste Santuko oporretarako programazio espezifiko gisa proposatzen da.
Aurtengoan, beraz, herri musikako tresnen artisautza ezagutarazi eta musika-tresnen biziraupenean eta garapenean egindako ekarpenak ikusi ahal izango dira, baita tresna horien eraikuntza prozesuak ere. Musika-tresna ezberdinetan eta horien egileetan jarriko du fokua programak: txistua, xirula, alboka, dultzaina, txalaparta eta perkusio instrumentuak.
Aurreko edizioetan egin duten moduan, programa hau Laborategia aretora ere zabaldu da. Bertan, ekainaren 29ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa egongo da.
Gainera, Aste Santuko oporraldian, apirilaren 27ra bitartean, klaustroan erakusketaren lagin bat egongo da, baita artisau hauen lantegi baten errepresentazioa ere, hainbat lanabes eta piezarekin. Hain zuzen, bertan artisauek erakustaldiak egingo dituzte. Klaustroko eskaintza ikusteko sarrera, museoko sarrera orokorrarekin izango da. Gainera, kontzertuak, mahai-ingurua eta familia eta haurrentzako jarduerak ere izango dira.
Erakusketan badira museoaren bildumako piezak, baina guztia osatzeko museoak Soinuenearen eta parte hartzen duten artisau eta musikarien laguntza izan du. “Piezak utzi dizkigutenak: Alberto Artal, Andoni Arzallus (Arenza), Daniel Lizarralde, Fede de Dios, Gaizka Maruri (Maruri Albokak), Harkaitz Martinez de San Vicente, Ibon Koteron, Iker Diez (Jotzen Perkusioak), Jose Antonio Martinez Oses (Osses albokak); Jose Mari Gancedo (Gancedo Txistugileak); Juan Mari Beltran; Koldo Maruri; Koldo Telleria; Pancho Sanchez; Raul Pariente (Ezpela); Tomas Diaz Peñalba (Ezpelur); Donostiako Udal Txistulari Banda; Gordailua. Gipuzkoako Foru Aldundia; Lutxanako Dultzaineroak; Oreka TX; Soinuenea. Herri Musikaren Txokoa; Zurjole. Erakusketako argazkiak Javier Juanes eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearenak dira. Bideoak, berriz, Andoni Arzallus (Arenza), Bideografik (Sinadurak), Jose Mari Gancedo (Gancedo Txistugileak), Tomas Diaz Peñalba (Ezpelur) eta Xibero Telebistakoak dira.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian