Oñatiko Artxiboari dagokionez, ekainaren 9an eta 10ean egingo dira bisitak. Tolosakoan, berriz, ekainaren 11n eta 12an. Bietan, hiru bisita gidatu eskainiko dira eguneko: bi goizez (10:00etan eta 12:00etan) eta bat arratsaldez (16:00etan).
Artxibo eskuragarriak. Artxiboak denontzat lelopean, Artxiboen Nazioarteko Astea ekainaren 9tik 13ra izango da aurten. Asmo adierazpen horrek aldarrikatzen du artxiboek espazio ireki, inklusibo eta herritar guztien zerbitzura dauden espazio gisa duten eginkizuna, mundu osoko publikoengana iristeko gai direlarik.
Ospakizun honen harira, Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialak (Oñati) eta Gipuzkoako Artxibo Nagusiak (Tolosa) bat egin dute ekimenarekin, eta ate irekiko jardunaldiak antolatu dituzte bisita gidatuen bidez, herritarrei eguneroko lana, lan-espazioak eta gordetzen dituzten dokumentu baliotsuak hurbiltzeko.
Oñatiko Artxiboari dagokionez, ekainaren 9an eta 10ean egingo dira bisitak. Tolosakoan, berriz, ekainaren 11n eta 12an. Bietan, hiru bisita gidatu eskainiko dira eguneko: bi goizez (10:00etan eta 12:00etan) eta bat arratsaldez (16:00etan). Bisita bakoitzean bi talde paralelo egongo dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta gehienez ere 15 pertsona izango dira talde bakoitzeko. Gutxi gorabehera, ordu eta erdi iraungo dute.
Ibilbideak aukera emango du artxiboetako hainbat espazio hurbiletik ezagutzeko, baita normalean bisitatzen ez direnak ere, hala nola dokumentu-gordailuak, lan-gelak edo zaharberritze-tailerra. Gainera, XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak ikusi ahal izango dira, horietako asko Gipuzkoarako balio historiko handikoak.
Parte-hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik erreserba egin beharko da. Interesa dutenek 943 41 50 60 telefonora deituta eman dezakete izena (astelehenetik ostiralera, 8: 30etik 14:30era), ahpg-gpah@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita, edo, bestela, horretarako prestatutako inprimakia beteta.
Antolatzaileen esanetan, “Artxiboen Nazioarteko Astea aukera paregabea da gure lurraldearen historia eta nortasuna zaintzeko eta zabaltzeko funtsezko espazio horiek barrutik aurkitzeko”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian