Goizeko 10:00etan abiatuko da Araba Euskaraz jaia, Armentia Ikastolan. Ordutik aurrera, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango dira.
“Askotarikoa eta parte-hartzailea, euskara eta euskal kultura ardatz eta herritarrak protagonista izango dituen eguna”, halaxe deskribatu dute antolatzaileek iganderako antolatu duten Araba Euskaraz jaia. Azken hiru edizioetan egin duten bezala, Arabako zortzi ikastolen artean antolatu dute ekitaldia, “eskuz esku, eta buruz buru, auzolanean”.
Urte osoa eman dute elkarrekin lanean, eta gaurko aurkezpenean ere ikastola guztiak azaldu dira. “Lau urteko esperientzia honek erakutsi digu batasunak ematen digun indarra. Indarra, Arabako ikastolen jaia antolatzeko eta aurrera eramateko. Eta indarraz gain, elkar hobeto ezagutzeko, elkarlanaren balioan sakontzeko eta elkarren arteko harremanak ehuntzeko balio izan digu. Urrutira iritsi nahi dugulako goaz batera. Eta ziur gaude, Araba Euskaraz antolatzeko bezala, beste hainbat esparrutan ere balioko digula elkarlan honek”.
Urte honetako Araba Euskaraz jaiarekin Bastida Ikastola lagundu nahi dute, “Bastida Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Bastidan eta Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia”.
Udazkenetik udaberrira bitartean Arabako ahalik eta txoko gehienetara iritsi ondoren, igandeko jaiarekin izango du amaiera aurtengo edizioak.
Lekualdaketa
Urtero bezala, Olarizuko zelaietan egin nahi zuten Arabako ikastolen aldeko festa handia, baina Gasteizko lorezainen grebaren ondorioz ezin izango dute bertan egin. Hala ere, Gasteiz ez dutela utziko azpimarratu dute antolatzaileek eta “Armentia ikastola, Mendizorrotza eta Prado Parkearen inguruan egitea erabaki dute. “Azken egunetan Olarizuko parkean ospatu ahal izateko ahaleginak egin ditugu; aldeekin hitz egin dugu, baina ezin izan dugu garantiarik lortu igande honetarako Olarizuko parkea gurea bezalako jai bat ospatu ahal izateko moduan egoteko. Hori dela-eta agertokia mugitu egin dugu, baina aurreikusita genituen ekitaldi eta ikuskizun guztiak aurrera aterako ditugu”.
Hala, igandeari begira, askotariko ikuskizun, tailer eta jolas eta jokoak prestatu dituzte, adin guztiei zuzendutakoak, baina, batez ere, haur, nerabe eta gaztetxoentzat. Dena den, “familia giroa” da azpimarratu nahi izan dutena, “familian ospatzeko egitaraua da gurea, baina lagunartean ere gozatzeko moduko menua ere prestatu dugu”.
Goizeko 10:00etan abiatuko da Araba Euskaraz jaia, Armentia Ikastolan. Ordutik aurrera, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango ditu Araba Euskarazera hurbiltzen denak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian