Mota guztietako ikuskizunak izango dira: antzerkia, ikuskizun ibiltariak, zirkua eta dantza.
Uztailaren 3tik 5era bitartean, Kalerki Kaleko Arteen Jaialdiaren 32. edizioa egingo da Zarautzen. Egun hauetan zehar, antzerkia, dantza, zirkua eta beste hainbat diziplinatako ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute zarauztarrek.
Orotara hamaika ikuskizun izango dira, “ohi bezala, Euskal Herriko konpainien presentzia izango dugu, baina aurtengo edizioan nazioarteko konpainia ugarik ere parte hartuko dute, beste kaleko jaialdi batzuekin urtean zehar landutako elkarlanaren ondorioz”, azaldu du Irune Urbieta Kultura zinegotziak. “Horrela, Herrialde Katalanetatik, Suediatik, Belgikatik eta Estatu frantsesetik etorritako konpainiak izango ditugu gure artean”.
Euskal konpainien artean, antolakuntzak hiru dantza konpainia nabarmendu ditu: Amaia Elizaran & Neonymus, Lasala konpainia eta Komorebi Produkzioak. Azken honek Karrikan plataformaren 2024ko sorkuntza laguntza jaso zuen eta doluaren inguruan diharduen Argilunak ikuskizuna eskainiko du. Amaia Elizaran dantzariak eta Neonymus musikariak, bestalde, Iraun pieza labur eta intimoa eskainiko dute. Lasala konpainiak Burnt pieza indartsua eta intentsoa eskainiko du.
Estefania de Paz Asin artista nafarrak Olvido Flores. Las maravillas de Júpiter ikuskizun berezia eskainiko du. Pieza hau karabana baten barruan egiten da, eta bi egunez egongo da karabana Santa Klarako eliza aurrean; guztira, zortzi saio eskainiko ditu. “Istorio hunkigarri bezain gogorra da, memoriari keinu egiten diona”. Mama Crea konpainiak, bere aldetik, Desiderata izeneko instalazioa jarriko du Santa Klaran.
Ohi bezala, herriko hainbat gunetan izango dira emanaldiak: Santa Klaran, Munoan, Villa Manuelako frontoian eta Frontoi Txikin. Jaialdia amaitzeko, ikuskizun ibiltari bat aurkeztuko du Always Drinking Marching Band talde kataluniarrak.
Emanaldietako gonbidapenak
Aurtengo emanaldietako bik edukiera mugatua izango dute, ikuskizunaren formatuagatik. Horrexegatik, emanaldi horiek errepikatu egingo dira. Hala, Olvido Flores. Las maravillas de Jupiter ikuskizunaren zortzi emanaldi eskainiko dira bi egunetan, uztailaren 3an eta 4an. Uztailaren 3an, bestalde, Guillem Albaren Ma Solitud ikuskizunaren bi emanaldi izango dira. Gonbidapenak emanaldia hasi baino ordubete lehenago banatuko dira.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian