Edizio honetarako aukeratutako gaia Arabako Memoriak da. Araban egindako 30 argazki bidali daitezke gehienez, eta Gasteizko kultura areto nagusietan erakutsiko dira udazkenean.
Revelare Kolektiboak (Gasteizko Argazkilarien Elkartea) eta Vital Fundazioak Arabaclick Herri Argazkien VII. Topaketetan parte hartzeko deialdia abiatu dute. Abuztuaren 31ra arte egongo da argazkiak bidaltzeko epea zabalik, eta, aztertu eta aukeratu ondoren, udazkenerako aurreikusitako erakusketen parte izango dira.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek arabaclick@gmail.com helbidera bidali ahal izango dituzte argazkiak, Araban eginak eta edizio honetarako aukeratutako gaia ardatz hartuta: Arabako Memoriak. Ondarearen irudiak izan daitezke (eraikin historikoak, monumentuak, iturriak, garbitegiak, uraskak…), edo elementu txikiak (armarriak…), paisaiak, mendiak, lorategiak, ibaiak, urtegiak, hezeguneak, hondakinak, ganadua, ibilgailu historikoak edota azokak. Era berean, erretratu, argazki dokumental, kontzeptual edo abstraktuaren diziplinak esploratzen dituzten lanak onartuko dituzte, bai eta artxiboko irudiekin lan egiten dutenak ere, eta digitalki edo artisau gisa esku hartutako argazkiak ere. Oinarriak, osorik, www.arabaclick.com webgunean daude eskuragarri.
Aukeratutako argazkiak udazkenean izango dira ikusgai Gasteizko hamar bat erakusketa-gunetan. Ohiko aretoei (Iparralde, Judimendi eta Ibaiondo Gizarte Etxeak, Ataria, Amarika eta LABE, Gazte Laborategia), aurten artxibo historikoak, unibertsitatea eta arte eta diseinu eskolak gehitu zaizkie, besteak beste. Euren argazkiak ikusgai izateaz gain, urriaren 31n, arratsaldean, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua) euren lana aurkezteko aukera izango dute irabazleek, ArabaClick ekitaldian bertan.
Berritasunen artean daude, halaber, sei prestakuntza-beka, sari ekonomikoak, Jardin Remoto, Argazkigintzaren Metabertsoan burutzeko prestakuntza-bekak izango dituen 30 urtetik beherakoentzako gazte-kategoria bat sortzea, eta Revelare Saria, herrialdeko argazkigintzaren eremuan arrastoa utzi duen Arabako pertsona bati ematekoa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian