Euskalgintzaren Kontseiluak jakitera eman duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzea berretsi du bere sententzian, “udal ordezkari bakar bat ere ez duen VOX alderdi politiko euskarafoboaren helegitea ia osotasunean aintzat hartuz”.
Azken urteetan, administrazio publikoan euskararen normalizazioa eta biziberritzea bultzatzeko neurrien aurkako esku-hartze judizial ugari salatu ditu euskalgintzak eta euskal gizarteak, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta 2023ko uztailean egin zen alkateen agerraldian edota Bilboko kaleak bete zituen azaroaren 4ko manifestazio jendetsuan.
“Oraingoan ere argi ikus daiteke euskararen minorizazioa betikotzea helburu duen oldarraldi judizial eta politikoa, Auzitegiak VOXen premisa ia guztiak bere egin baititu. Baina, euskararen normalizazioaren kontra ez ezik, euskal gizartearen borondatearen eta euskal erakundeen kontrako epaia da. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso zabalez onartutako araudia eta Eusko Jaurlaritzak garatutakoa da Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzea erabaki duena”.
Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu duenez, “euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistiko egoeran daude, eta normalizazio prozesua atzeraldian sartzeko arriskuan”. Administrazioan euskarak pairatzen duen minorizazio egoera gainditu eta euskararen alde egiteko zoru minimo bat jartzen zuten dekretu hauek, baina, beste behin, Espainiako botere judizialak bide hori egitea galarazi du.
Hala, Kontseiluak dei egin die erakunde, agintari, eragile politiko, sozial eta herritarrei irmoki adieraz dezaten oldarraldiaren agerpen bortitz honen aurka daudela, eta bakoitzak dagokion lekutik bultza dezala euskararen normalizazio prozesua. “Horixe baita justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzeko bidea”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian