San Adriango tunela ia 1.000 metrora dago eta Gipuzkoan altitude handienean dagoen aztarnategi arkeologikoa da. Jatorri karstikoko pasabide natural horretan, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia talde bat gure iraganeko piezak lurpetik ateratzen aritzen da udan.
Gure historiaurreko aztarnak aurkitzeko asmoz, hamar bat boluntariok eta arkeologok osatutako taldea bi zundaketa oso sakon induskatzen aritu da hil honetan, bakoitza ia 3 metroko altuerakoa. Lehen zundaketan 14.000 urte dituzten piezak aurkitu dituzte (Madeleine aldia), eta horrek esan nahi du San Adrianen homo sapiensa bizi izan zela. Bigarrenean, berriz, arkeologoak maila oso zaharretara iritsi dira, eta gureaz oso bestelako espezie baten piezak aurkitu dituzte, neandertalarenak, hain zuzen ere.
Aranzadi Zientzia Elkartearentzat “indusketa horren emaitzak oso positiboak izan dira”. Elkarteko Historiaurreko Departamentuko zuzendari Jexux Tapiaren hitzetan, “aurkitutako materialek erakusten dute neandertalek koba hau maiz erabiltzen zutela azken glaziazioaren faserik epelenean. Kanpaina honetako aurkikuntzei esker, esan dezakegu neandertalen taldeak duela 41.000 urte inguru ez zirela noizean behin igarotzen haitzulotik, maiz baizik”.
Aurkitutako aztarnen artean, tresna ebakitzaileak zizelkatzeko erabilitako arroka mota desberdinak identifikatu dira, eta silexaren kasuan, Urbasa, Trebiño eta Flyschetik ekarritakoak erabili ziren. “Horrek esan nahi du neandertalek San Adrian hartu zutela lurralde zabalean egiten zituzten joan-etorri nomadetarako pasabide estrategiko gisa, lantzeko harrien kontsumoa ahalik eta gehien dosifikatuz eta mendiko pasabide egokienak aprobetxatuz”.
Harrizko aztarnez gain, animalien hezurren zatiak ere berreskuratu dira, besteak beste, neandertalek hildako eta kontsumitutako piezak, baina baita haitzuloan bizi izan ziren beste haragijale batzuen arrastoak ere, hartzenak, adibidez. Hori dela eta, “bereizi behar ditugu neandertalek harrapatutako harrapakinei dagozkien hezurrak eta haragijaleek eraman zituztenak, eta, horretarako, hezur bakoitzean ikusitako hausturak eta markak hartu behar dira kontuan”.
Aranzadiren arabera, okupazio horiek izan ziren geruzetan gero eta hondakin gehiago agertzen dira, eta hurrengo kanpainetarako espero dute ebidentzia multzo zabalagoa berreskuratzea San Adrianen neandertalek egin zituzten jarduerak interpretatzeko.

You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian