Maria Goirizelaiaren zuzendaritzapean, Aitor Borobia, Egoitz Sanchez, Nagore Gonzalez, Luix Mitxelena eta Ane Pikaza aktoreak ikusiko ditugu taula gainean.
La Dramatica Errante konpainiak Bilboko BBK aretoarekin elkarlanean R&J obra estreinatuko du irailaren 27an, Bilboko Kale Nagusiko Antzokian. William Shakespeareren klasikoaren berrikuspen garaikidea da obra, “literatura unibertsaleko maitasun ospetsuenetik abiatuta, guk ere gaur egungo maitasunaz hausnartu nahi dugu: arintasun emozionala, sare sozialak eta askotariko loturak nagusi diren garaiotan”, aurreratu dute egileek.
Goirizelaiak testu originalaren egokitzapena egin du eta baita obra zuzendu ere, “aspalditik galdetzen diot neure buruari zer den maitasunaren kontu hori gaur: nola maite dugun, nola adierazten eta bizitzen dugun maitasuna, nola hori hiltzen den…”, adierazi du. “Inertziak haustea, aurreiritziak desmuntatzea eta desira eta gure maitasun harremanak modu argiagoan eta helduagoan bizitzea eskatzen duen garaian gaudela jakitun, ikuskizun berri honekin maitasun esklusiboa, bitarra, tragikoa eta, azken batean, mugatzailea” zalantzan jarri nahi izan du zuzendariak, “gaur egun den bezala besarkatzeko: likidoa, anitza, kontraesankorra, disidentea… ”.
Obraren ernamuina BBK PACTen eskutik sortu zen. Nerabeekin garatutako proiektu bat da, eta euren burua zaintzea, gainerakoak zaintzea eta harremanetako tratu ona, belaunaldi berrien bizi-gidak, lortzea du helburu. La Dramatica Errante konpainiak nerabeekin maitasuna nola ikusten duten eta gaur egun Shakespeareren maitaleak nortzuk izango ziren aztertzen eman zituen hilabete batzuk. Hortik aurrera, proiektua hazten joan zen, eta “gizarte garaikidean dauden maitasun harremanen aniztasunaren erretratu” bihurtu zen. Maitasun erromantikoaren kontzeptua deseraikitzeaz gain, obrak hainbat gai aztertzen ditu, hala nola maitasunaren merkantilizazioa, teknologiak harremanetan duen papera edo sare sozialek komunikazio interpersonalean duten eragina.
R&J Bilboko Kale Nagusiko Antzokian ikusi ahalko da irailaren 27 eta 28an (euskaraz) eta urriaren 3tik 5era (gaztelaniaz). Sarrerak salgai daude webgunean eta BBK aretoaren leihatilan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian