Ikuskizuna antzerki konpainiaren Oihartzuna proiektuaren parte da. Honetan, nahi gabeko bakardadearen gaia lantzen da.
Ados Teatroak 52 hertz izeneko obra estreinatuko du urriaren 3an eta 4an 19:30ean (euskaraz), eta urriaren 5ean, 19:00etan (gaztelaniaz), Donostiako Antzoki Zaharrean. Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak idatzi dute gizarte-isolamenduaren arazoari heltzen dion lana, eta azken hura arduratu da oholtzara eramateaz.
Lantaldeak azaldu duenez, “balea urdin baten hotsa dirudien soinu bitxi bat hauteman da azken 35 urteetan Ozeano Barearen zenbait lekutan, eta izenburuak soinu horren frekuentziari egiten dio aipamen. Izan ere, balea urdinak 10-39 hertz arteko frekuentziatan komunikatzen dira; beraz, balea bakarti bitxi horren ahotsa, 52 hertzera bibratzen duena, espeziearen entzumenetik kanpo dago. Bere espezieko ezeinek ezin izan du entzun haren deia sekula. Uste da 52 hertzen balea edo Whalien 52 jaiotzatik gorra izan litekeela, eta horregatik ez duela inoiz ikasi frekuentzia egokian kantatzen”.
Gizarte-isolamenduaren sinbolo
Obrak balea bakarti horren metaforari heldu, eta gizarte-isolamenduaren sinbolo bihurtzen du, nahi gabeko bakardadea pairatzen ari diren edo pairatu duten pertsonen gaineko ikuspegi poliedrikoa osatzeko. Soinu horren oihartzuna aditzen da testuan eta taularatzean; doinu ez-errealista bat da, irudi poetiko eta koreografikoz betea.
Konpainiak azaldu duenez, “ikuskizunean zehar bada dramarik, baina baita barre eta irri egiteko tarterik ere, edonorentzako gozagarri izan dadin. Azken finean, xedea da gaiari buruz gogoeta eginaraztea, gaiaz hitz egin dadila, apika ikusleak bakardadearen esperientziarekiko sentiberago bihurtzeko”.
Obraren sormen-prozesuari dagokionez, bakardade-egoeran dauden pertsonek talde teknikoan eta artistikoan parte hartu zuten. Nolanahi ere, antzezle taldea erabat profesionala da. Hauek osatzen dute: Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe eta Dorleta Urretabizkaia (paper berean txandakatzen dira), Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Aitzol Iraola. “Talde balioaniztuna da, eta antzezle bakoitzak hainbat paper jokatzen ditu, obrako pertsonaien mosaikoari bizitza emanda”.
Ados Teatroaren talde tekniko-artistiko ohikoa dago oinarrian; Garbi Losada (egiletza eta zuzendaritza eszenikoa), Xabi Lozano (argiztapena), Javier Asin (musika), Tytti Thusberg (jantziak), Iñigo Losada (espazio eszenikoa) eta abar. Taldearen osaera egonkorra izanik, nortasun-ildo berak konpainiaren proiektu guztiak lotzen ditu.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian