Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Miren Iza (Tulsa), Telmo Irureta, Jose Mari Goenaga, Itxaro Borda, Sara Fantova eta Beñat Sarasola sortzaileek literatura, zinema eta musika uztartuko dituzte, Katixa Agirrek ondutako programazioan.
Festival Eñe literatura jaialdiak literaturako ahots ezagunak biltzen ditu udazkenero Madrilen, hiria idazle, liburu eta irakurleen topagune bihurtuz. Aurtengo edizioak ere euskal kulturari eta literaturari tartea eskainiko dio, hitza, zinema eta musika uztartuko dituen egitarau batekin. Etxepare Euskal Institutuak sustaturik, Katixa Agirrek ondutako programazioa da aurtengo edizioko euskal leihoa, eta euskal sorkuntza garaikideko ahots nabarmenetariko zenbait plazer garaikideren inguruan jarriko ditu solasean.
Hala, Plazera, aldarri iraultzaile bat lelopean, jaialdiaren programazioak gozamena eta askatasuna literaturatik, norbere identitatetik eta esperimentazio artistikotik hausnartzeko aukera eskaintzen du, lurraldearen kultur bizitasunaren isla diren belaunaldien eta diziplinen arteko elkarrizketa-sorta txirikordatuz.
Ezberdintasunetik sortzeko plazera
Azaroaren 15ean, larunbata, Circulo de Bellas Artes-eko dantza aretoak desiraren eta sorkuntzaren ñabarduretan sakonduko duten hiruna hitzaldi hartuko ditu, belaunaldi eta sorkuntza-diziplina ezberdinen arteko ahotsak aurrez aurre jarrita.
Euskal literaturaren leihoa 11:30ean hasiko da, millenial plazeraren inguruko solasaldia tarteko. Bertan, Sara Fantova zinema zuzendariak, Jone, batzuetan, bere lehen film luzea,
estreinatu ondotik, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak, zeinaren obraren zati handi bat memoria- eta entzute-ariketetan datzan, eta Beñat Sarasola idazle eta poetak hartuko dute parte. Sortzaileok ezegonkortasun egoeretan gozatzen ikasi duen belaunaldiaz eztabaidatuko dute, ironia, samurtasuna eta errebeldia hiruak helduleku izango dituztelarik.
13:30ean, El placer de la melancolía (Melankoliaren plazera) solasaldiak Miren Iza (Tulsa) musikaria eta Miren Agur Meabe idazlea bilduko ditu, eta beren hitzaldiak tristeziari helduko dio, plazerak dituen efektu sentsorial eta sortzaileak abiapuntu hartuta. Bi letragileek tristezia, desengainua eta galdera existentzialak zintzotasunez eta sentiberatasunez landu dituzte, Tulsaren diskografian Meaberen testuetan bezainbat.
Azkenik, 17:45ean, Telmo Irureta aktoreak, Jose Mari Goenaga zinemagileak eta Itxaro Borda idazleak pantailetan eta literaturan queer plazeren inguruko hizketaldiari ekingo diote. Hiru sortzaileok ere, desira, askapena, eta ezberdintasuna hartuko dituzte mintzagai sorkuntza- eta erresistentzia-eremu oparo gisa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian