Euskararen erabilera erdigunean jarri eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutarazteko helburua du egitasmoak.
Taupa Euskaltzaleen mugimenduak Mintzapraktika egitasmoa Durangora eramango du abenduaren 5etik 7ra bitartean, Zirhika taldearekin elkarlanean eta AEK, IKA Euskaltegiak, Jalgi Hadi Mundura eta Mintzaneten laguntzarekin. “Mintzapraktika ezaguna da Euskal Herrian zehar, baina egitasmoa gertutik ezagutzeko eta probatzeko aukerak eskaini nahi izan ditugu xede talde ezberdinentzako mintzapraktika aukerak eskainiz”, adierazi du Taupak.
Mintzapraktikan edonor dela ongi etorria nabarmendu dute: “euskaraz erraztasun handiagoa duena, oraindik praktika behar duena, lanbide, jatorri eta adin ezberdinetako pertsonak… eta horren erakusle dira Mintzodromoan eskainiko diren proposamen anitzak”.
Ostiralean, Durangoko Azokako ikasle goizaren baitan, mintzodromo ibiltaria eskainiko zaie bertaratzen diren gazteei. “Musikaz lagunduta Durangoko txoko batetik bestera mugituko dira, geldialdi bakoitzean taldekatu eta proposatutako gaien inguruko hizketaldiak sortuz”.
Larunbatean, Zirhika taldearen eskutik, Hika Eguna ospatuko da. “Bertako hikadromoan hitanoa hobeto ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta amaiera paregabea emango zaio egunari Andoni Egaña eta Amaia Agirrek eskainiko duten bertso saioarekin”.
Izen ematea zabalik dago jada https://labur.eus/krkpdrny loturan eskuragarri dagoen formularioan.
Igandean, Taupak antolatutako Euskal Herriko mintzalagunen topaketak beteko du egitaraua. “Mintzapraktikan dabiltzan lagunei Durangora gerturatzeko gonbitea luzatzeaz gain, egitasmoa gertutik ezagutzeko interesa duen edozein bertaratzera animatu nahi dugu. Aukera ezin hobea izango da Mintzapraktikan murgiltzeko eta ekintzaz betetako eguna izango da: lehiaketa, mintzodromoa edo Irudienean emanaldi bat ikusteko aukera, mokadutxoa eta noski, azokatik bueltatxoa egiteko tartea ere egongo da”.
Durangora bertaratzea errazteko, autobusak ere antolatu dira. Informazio guztia eta izena emateko aukera zabalik daude https://taupamugimendua.eus/mintzodromoa/ webgunean.
Tauparentzat “Durangoko Azoka, Euskal Kulturaren Jaialdia, derrigorrezko zita da ezagutzen dutenentzat eta liluratuko ditu lehenengoz Landako zapaltzen dituztenak”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian