Helburua da euskal testuekin, euskararen aldaerekin eta euskararen historiarekin lotutako azken orduko ikerketak partekatu eta eztabaidatzea.
Testuak eta aldaerak aztergai izenburupean, Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko I. Kongresua egingo da azaroaren 25etik 27ra, EHUko Arabako Campusean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeak antolatu du eta Letren Fakultatean eta Micaela Portilla Ikergunean izango da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “helburua da euskal testuekin, euskararen aldaerekin eta euskararen historiarekin lotutako azken orduko ikerketak partekatu eta eztabaidatzea. Izan ere, azken hamarkadotan euskara aztergai duen hizkuntzalaritza historikoa ikuspegi teoriko berrietan barneratu da, eta, aldi berean, testu aurkitu berriek ere ezagutzan sakontzea ahalbidetu dute. Bi alderdi horiek euskararen historiaren ulermenean aurrerapauso handiak ekarri dituzte, eta horren erakusgarri izango da biltzarra”.
Hainbat unibertsitate eta herrialdetako berrogeita hamar partaidetik gora arituko dira hiru egunez, goizeko eta arratsaldeko saioetan, beren ekarpenak aurkezten. Horien artean, bi hizlari gonbidatu, Jose Ignacio Hualde (University of Illinois at Urbana-Champaign) eta Juan Jose Larrea (EHU).
Bestalde, biltzarra antolatzeko data ez da zeinahi, bat egingo baitu Donemiliagako goldea delako agiriaren milurtekoarekin (1025-2025). Donemiliaga Kukulako monasterioari lotutako agiria da goldea eta, besteak beste, Arabako hirurehun herriren baino gehiagoren izenak dakartza: XI. mendean Araban hitz egiten zen euskararen erakusgarri paregabea da. Hain zuzen, biltzarrak testu horren berorren testuinguru historikoa eta interpretazio linguistiko-filologikoaz aritzeko aukera ekarriko du, baina ez da horretara mugatuko: Donemiliagako goldea ez ezik, Erdi Aroko beste lekukotasun batzuk, euskararen eta iberieraren arteko ustezko loturak, euskalkien jatorria eta bilakabidea, zenbait euskal testuren ekoizpen-baldintzak eta berezitasun linguistikoak, euskal gramatika historikoa… ere aztergai izango dituzte biltzarrean, egitarauan ikus daitezkeenez.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian