(argazkia: Susa)

Antonia Pozzi eta Nazim Hikmet poeten antologia berriak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Liburuak Joannes Jauregik eta Gotzon Barandiaranek itzuli dituzte. Kaier berri hauekin 57. zenbakira iritsi da bilduma.

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: Antonia Pozzi italiarrarena eta Nazim Hikmet turkiarrarena. Autore bi hauekin 57. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatutako bilduma. Maialen Berasategi Catalanek eta Isabel Etxeberria Ramirezek zuzentzen dute proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.

Joannes Jauregik ekarri ditu euskarara Antonia Pozziren (1912-1938) olerkiak. Susak azaldu duenez, “gailurrak eta magalak, basoa, likena, zeruak: Pozziren obran natura da jokaleku. Baina natura, norbere burua bezala, berdin suerta liteke hurbila eta lagunkoia zein urruna eta arrotza: isolamendu garratza darie bere poema batzuei; sarri, gainera, giro oniriko batean bilduta. Gazterik hil zen, 1938an, eta bizi zen artean ez zuen publikatu poema bakar bat ere. Haren heriotzaren ondoren, haren aitak bildu eta plazaratu zituen. Hasieran ez zuten ospe handirik izan, harik eta zenbait kritikari eta idazle Pozziren obra sustatzen hasi ziren arte”.

Gotzon Barandiaran, bere aldetik, Nazim Hikmet (1902-1963) autorearen testuak euskaratzeaz arduratu da. Argitaletxearen arabera, “Hikmet XX. mendeko turkiar poeta handienetakotzat jotzen da gaur egun. Goi-klaseko familia batean jaio zen Tesalonikan, 1901ean. Gaztaroan Anatolian eskola txiki batean irakasle egindako urteak, ordea, berea ez bezalako Turkia bat jarri zion begien aurrean eta betiko konprometituko zen komunismoarekin. Horren ondorioz, hamabi urtez egon zen kartzelan eta erbestean hil zen, Sobietar Batasunean, 1963an. Hikmetek ordura arteko poesia molde zaharkitu eta elitistekin hautsi, eta herriaz eta herriari zuzenean mintzo zitzaion idazkera bat proposatu zuen. Haren poemak gizakiaren duintasunaz mintzo dira, onkeriatik urrun eta zintzotasunez”.