Mai Egurza ilustratzaile zendu berriarena da aurtengo dFeriaren kartela

Antolatzaileak ekainean jarri ziren harremanetan artistarekin eta uztailean artistaren lehen zirriborroa heldu zitzaien. Raquel Rodenasek Egurzaren hasierako zirriborroa oinarri hartuta amaitu zuen lana.

Donostiako Arte Eszenikoen Feriak (dFERIA) ezagutzera eman du jada 32. edizioko kartela.  Mai Egurza ilustratzaile irundarrarena da ilustrazioa. Orain dela gutxi zendu da Egurza eta, hori dela eta, sortze-prozesua Raquel Rodenas ilustratzaile eta lagunak osatu du. Donostia Kulturak adierazi duenez, “2026ko dFERIAren kartelak artista gipuzkoarra bihotzez omentzeko balio du. Haren heriotza deitoratzen dugu”.

2026ko martxoaren 14tik 18ra egingo da dFERIA, eta abenduaren 17an jakinaraziko da programazio osoa. Danimarka izango da herrialde gonbidatua; beraz, herrialde horretako arte eszenikoen ordezkari ugari izango dira Donostian. Edizio honen ildo nagusia ondarea izango da.

Mai Egurza eta Raquel Rodenas

2026ko dFERIAren irudia Mai Egurza joan den urriaren 4an zendu zen ilustratzaile irundarrarena da. dFERIA ekainean jarri zen harremanetan harekin eta uztailean jada bagenuen artistaren lehen zirriborroa; lan hori zuen esku artean bat-batean zendu zenean. “Egurzaren familiarekin harremanetan jarri eta Maik hasi zuen obra amaitzea adostu genuen”, kontatu du antolakuntzak.

Beraz, kartela Egurzak berak eta haren lagun eta ilustratzaile Raquel Rodenasek egindako lana da. Rodenasek Egurzaren hasierako zirriborroa oinarri hartuta amaitu zuen lana. “Ondarea da pertsonek mundutik igarotzean uzten dutena, beraien aztarnak; hots, munduari egiten dioten ekarpena, kasu honetan, kulturaren munduari. Hori irudikatzen du ilustrazioak: enkoadraketatik irteten diren eta harean oinatzak uzten dituzten zenbait (askotariko) pertsonaren markak”. Hitz horiekin adierazi zuen Egurzak bere sorkuntzaren zentzua eta horretarako inspirazioa.

Kartelak gorazarre egiten dio ilustratzaileari, izan ere, bera irudiko pertsonaietako batean irudikatuta dago. Kartelak, bada, “bihotzez omendu nahi du artista gipuzkoar gaztea”.

Legatua

“Rebeca Fernandez Romanen Legado. Antología Benéfica liburua aipatuz, arimaren ondoriotasun moduko bat da legatua. Atzera begiratzea ez nostalgiaz, benetako gosez baizik. Begiratzea ahots isilduak, zauri irekiak, oroimen ezaren lainoan gidatzen jarraitzen duten argiak ekarrita. Ekitaldi eszeniko bakoitza oroimenaren ekintza bat delako. Eta ahanzturan erortzen utzi behar ez genukeen hori aukeratzea delako gogoratzea”, azaldu dute antolatzaileek.