(argazkia: Euskaltzaindia)

Gabriel Aresti omentzeko bi zuzeneko aurkeztu dituzte Bilbon

Lehenengo ikuskizuna BBK Aretoan izango da, abenduaren 4an. Bertan, Joxan Goikoetxea musikariak eta EusKameratako kideek ekitaldi berezia emango dute. Bigarrena Arriaga Antzokian izango da, abenduaren 10ean. Bertan, euskal kantutegiko abesti ugari joko dira. Oholtza gainean izango dira Jon Maia bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatza.

Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren harira, egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko.

Ekimenen artean, Akademiak abendurako antolatutako bi zuzeneko daude:

Lehenengo kontzertua (Gabriel Aresti Mug(H)arri) abenduaren 4an izango da, BBK Aretoan (19:00etan). Joxan Goikoetxea musikariak Aresti omentzeko beren-beregi sortutako ikuskizuna da Gabriel Aresti Mug(H)arri. Sorkuntza eszenikoan hitzen eta melodien arteko elkarrizketa garaikidea emango da, Gabrielen pentsamendua, estetika eta iruditeria ideologikoa biziberritzeko asmoz, aurreratu du musikari gipuzkoarrak. Goikoetxeak EusKameratako kideekin (Beñat Egiarte, Amaia Azkue, Xabier de Felipe eta Xabi Paya) batera jardungo du oholtza gainean.

Bigarren kontzertua, berriz, abenduaren 10ean izango da, Arriaga Antzokian, 19:30ean. Bertan, euskal kantutegiko abesti ugari interpretatuko dira; tartean, Arestik berak idatzitako batzuk. Oholtza gainean izango dira Jon Maia bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatza. Maiak Nire aitaren etxean inspiratutako bertsoa botako du eta Euskeria abesbatzak euskal kantutegiko abesti ezagunak joko ditu; tartean, Zeruan eder ilargia (Aita Donostia), Maitia nun zira (Jose Uruñuela), Aitarik ez dut (Errobi) edo Lau teilatu (Juan Carlos Perez). Azkenik, Rafa Rueda musikariak Arestiren hitzekin eginiko lau kanta joko ditu: Preso gaudenon ahoetatik, Nire izena, Bilbaoko kaleak eta Egia bat esateagatik.