Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua dira saila abiatu duen alearen egileak. Jon Miranderen jaiotzaren 100. urtemuga betetzen den honetan, haren obra eta figura aztertu dute hiru idazleok, bakoitzak bere prismatik. Argitaletxeak bigarren alea ere kaleratu du gaur: Markos Zapiainen Ni, laiko.
Berrikuntza ugari dakartza Irungo Alberdania argitaletxeak. Lantaldearen esanetan, “hogeita hamar urte luzez, helburu nagusi bat izan du: literatura ona publikatzea (han eta hemengo literatura, euskaraz nahiz gaztelaniaz). Literatur testu ona, hala ere, erabat alferrikakoa litzateke biltzen duena ere, babesten duena (paper, tipografia, azala, diseinua…) eskasa izango balu”. Horretan ere saiatu dira azken hiru hamarkadatan, liburuek barrua eder baina kanpoa ere halakoa izan zezaten. Adin bateko irakurle literaturazaleen artean gogoratzen dira oraindik 90eko hamarkadan argitaletxeak kaleratu zituen liburuen zerrenda, eta liburuon diseinu erakargarria.
Adierazi dutenez, “aldaketa garaiak bizi ditu liburuaren sektoreak, eta zehatzago, gure kasuan, Alberdania argitaletxeak”. Jorge Gimenez Bech sortzailea 2023an zendu zenetik, “etapa berria jarri du martxan, garai bateko izpiritua berreskuratu eta XXI. mendeko irakurleari literaturarik onena eskaintzeko”. Azken bi urteetan Oier Etxebestek hartu du argitaletxearen gidaritza eta, oinarriak beti presente, norabide berri bat ematen ari zaio. Norabide berri horren lehen emaitza da argitaletxearen logoaren berritzea. “Argitaletxea 1993an jaio zenetik logo berdina izan du, Antton Olariagak diseinatutako irudi jada klasikoa. Baina garai berriek apustu berriak eskatzen dituzte, baita estetikoak ere. Eta logo berria eramango duten lehen bi liburuak dakartzagu orain: logo beltz, klasiko, atenporal, elegantea, liburu ireki bat izan daitekeena, edo eguzkia sortzen egun berriaren aurrean”.
Patrika bilduma
Logoa inauguratuko duten bi liburuek sail berri bat ere badakarte: Patrika. Autore-saiakera literario laburrak hartuko ditu bildumak. “Alberdanian bertan argitaratu zen Zerberri sailaren segida hartu nahi du” adierazi du lantaldeak. Zerberri bilduma 1998tik 2006ra egon zen martxan eta guztira 40 titulu bildu zituen.
Bilduma berrian, beraz, saiakerak izango dira, “ez fikziozko lanak, autore batek gai jakin bati buruz zer iritzi duen ezagutzeko ezin hobeak, informazioz betetako mundu honetan, eta idazle den jendeak idatziak, alegia. esku pixka batekin, ez saiakera akademiko sarri asperramorragarri horietakoak”.
Hala, saila abiatuko duen aleak autore bakarra baino hiru dakartza: Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua. Zer egin Miranderekin? da liburuaren izenburua eta Jon Miranderen jaiotzaren ehungarren urtemuga betetzen den honetan, haren obra eta figura aztertu dute hiru idazleok, bakoitzak bere prismatik, baina oro har literatura eta moralaren arteko auzia agerian jartzen duen autorea den neurrian.
Sailaren bigarren alea, berriz, Markos Zapiainek idatzi du, “bere autobiografia erlijiosoa dela esan genezake, hau da, Zapiainek erlijioarekin, sinesmenekin eta, batez ere, laikotasunarekin izan duen esperientzia kontatzen digu, pasarte biografikoak hausnarketa filosofikoekin nahastuz, anekdota ustez hutsalenak hausnarketa politiko zorrotzenekin”.
Urtean lau bat Patrika ateratzeko asmoa dute, bi udaberrian, eta beste bi udazkenean, eta, izenari ohore eginez, liburu eramangarriak izango direla nabarmendu dute, “prezioz ere merkexeagoak, poltsiko guztien eskura egon daitezen”. Diseinuari dagokionez, hain justu, Alberdania argitaletxearen lehen urteetako diseinuaren erreplika izango dute liburuok, baina XXI. mendera egokituta: portada bertilkaki moztua, alde bakoitzean kolore bana, eta berritasun nagusi gisa, liburuaren izenburua nahiz autorearen izena bertikalean. Behean eskuinean Alberdaniaren logo berria.
“Diseinuaz ari garela, esan beharra dago logo eta sail berri hauen diseinua aurrerapen bat baino ez direla, bilduma klasikoetan ere (euskarazko nahiz gaztelaniazko narratiba, poesia, saiakera) diseinua berritu egingo dugu. Baina diseinu berri hori ikusteko udaberrira arte itxaron beharko dugu, orduantxe kaleratuko ditugu-eta bilduma klasikoen diseinu berria eramango duten lehen liburuak. Gauza onek bere denbora eskatzen dute. Eta benetan da ona berrikuntza hauetan guztietan, logoa, saila, diseinu orokorra, Hondarribiko Bibat estudioak egin duen lana”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian