Batez ere arrazoi ekonomikoa izan da erabaki hau hartzera eraman dituena, izan ere, “BLB Komunikazioa sostengaezina bihurtu da, eta ezin diegu gastuei aurre egiten jarraitu”, azpimarratu dute. Kooperatiba osatzen duten Berbaizu Euskara Elkarteari zein Abante konpartsari esker zuloa murriztea lortu dutela ere aipatu dute, baina ez da nahikoa izan eta ixteko erabakia saihestezina izan da.
BLB Komunikazio proiektuko kideak gaur, azaroak 26, Bilboko Kafe Antzokian bildu dira BLBren etorkizunari buruz hartu duten erabakia ezagutzera emateko. Gaurkoa ez da egun erreza eta adierazi dutenez, “gardentasunez eta arduraz jokatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, urte hauetan guztietan gure alboan egon zareten guztiei zor dizuegulako azalpena: irakurleei, kolaboratzaileei, babesleei eta, oro har, euskal hedabideei”.
Prest! eta Uriola hedabideak biltzen dituen egitasmoa etete bidean dagoela jakinarazi dute bertako kideek. “Azken hilabeteotan lan handiko ibilbidea egin dugu kooperatibaren egoera aztertzeko eta, funtsean, proiektua bideragarria den baloratzeko. Egoera ekonomikoa sakonki aztertu ostean, behin betiko erabaki bat hartu behar izan dugu: aurten, 2025eko abenduan, proiektuari amaiera emango diogu”.
Arrazoi ekonomikoa izan da erabaki hau hartzera eraman dituena, izan ere, “BLB Komunikazioa sostengaezina bihurtu da, eta ezin diegu gastuei aurre egiten jarraitu”, azpimarratu dute. Kooperatiba osatzen duten Berbaizu Euskara Elkarteari zein Abante konpartsari esker zuloa murriztea lortu dutela ere aipatu dute, baina ez da nahikoa izan eta ixteko erabakia saihestezina izan da.
Azaldu dutenez, “kooperatibako gainerako eragileen babesa izan dugu, bai eta urteetan gurekin lanean aritu diren kolaboratzaileena ere; hala ere, ez dira aski izan aurrera egiteko. Diru laguntza publikoak ez dira behar bestekoak izan proiektuan duintasunez jardun ahal izateko. Azken urteotan ahalegin bat egon den arren, uste dugu hasieratik ez dela benetako apusturik egin Bilbon euskarazko hedabideak sendotzeko. Horrez gain, guk ere ez dugu diru sarrera iturri berririk lortu, beraz, prekarietatik eteterako bidea hartu dugu”.
Argi utzi nahi izan dute “azken hilabete hauetan presiopean egon garela lanean une oro eta gure bazkideei bidalitako gutunean hainbat errata egon direla administrazioari dagokionez; dirulaguntzetan ez da murrizketarik egon, akats bat izan da eta zintzo jokatze aldera argi eta garbi utzi nahi dugu”.
Prest! eta Uriola hedabideek informazioa % 100ean euskaraz eskaini dute eta horien jardunaren baitan, Prest! 2.000 ale baino gehiago inprimatzen aritu da urte luzez hilabetero, abuztuan izan ezik, eta Uriolak astero eduki digitala ekoizten du online argitaratzeko. “Bi proiektuen jardunak eskatzen ditu edukien ekoizpena, editatzea, erredakzioa, zuzenketak, maketazioa, inprimaketa eta banaketa. Horiez gain, kontuan hartu behar dira lan horiek guztiak aurrera eramateko ordaindu ere egin behar direla, bai langileen soldatak, bai eta bestelako kontratazioak ere. Gainera, azken urteotan inprimatze edota banaketa gastuak nabarmen igo dira, eta diru-sarrerak aldiz, ez. Dena dela, uste dugu Bilbok orain artekoa baino apustu sendoagoa behar duela euskarazko hedabideen alde”.
Bestalde, “proiektu komunikatiboaren helburua ez da sekula diru sarrerak sortzea izan”, nabarmendu nahi izan dute;” helburua beti izan da nagusiki erdalduna den Bilbon euskarari bultzada ematea, funtsezkoa ikusten baitugu euskaldunok aukera izatea informazioa gure hizkuntzan kontsumitzeko. Erdalduntze makinan murgilduta dagoen Bilbo bezalako plaza batek apustu sendoagoa behar du”.
PREST!-ek eta Uriolak agur esango dute, baina kooperatibako gainontzeko bazkideek lanean eta borrokan jarraituko dute beste bide batzuen bitartez euskarak behar duen lekua berreskuratu arte. Hori dela eta, “guri emandako babesa Abante eta Berbaizuri ematera animatzen zaituztegu, haiek ere behar gaituztelako. Agur bero bat jaso, eta esker asko etorri guztioi”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian