Erakusketa berri hau 2026ko urriaren 4ra arte egongo da ikusgai Donostiako portuko museoan.
Juan Sebastian Elkanoren bigarren bidai ezezagunari eskainitako Elkano-Urdaneta: ozeanoen aurkikuntza aldi baterako erakusketa ireki dute gaur Donostiako Euskal Itsas Museoan.
Goizane Alvarez Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Diputatuak azaldu duenez, “erakusketa honen bidez Elkanoren Moluketarako bigarren bidaia oroitu nahi da”, eta gaineratu du: “Elkanoren itsas lorpenen eta ekintzailetza oinordekoak gara, baita itsasora begira bizi diren gipuzkoarren hainbat belaunaldiren ondorengoak ere; beraz, erakusketa hau gaur egungo Gipuzkoak arbaso horiekin duen zor ikaragarri horren aitortza da”.
Museoko zuzendari zientifiko Xabier Alberdik azpimarratu duenez, “Munduaren Lehen Itzuliaren ondoren, Elkanoren bigarren bidaia izan zen, hain zuzen, ozeanoen aurkikuntza-prozesurako bigarren pausua; hau da, nabigazio ozeaniko globalaren eta mugarik gabekoaren bigarren kapitulua, Andres de Urdaneta bere ikasleak gauzatutakoa, eta zalantzarik gabe, Euskal Herriak Gizateriaren Historiari egindako ekarpenik handiena dena”.
Erakusketak zeharbide ozeaniko hau nola prestatu zen azaltzen du, eta Andres Urdanetaren papera nabarmentzen du, Ekialdeko eta Mendebaldeko jakintza nautikoen arteko loturan giltzarri izan zena, horri esker ireki baitzen nabigazio globalerako bidea.
Bidaia haren historia kontatzen duten maketak, pinturak eta dokumentuak daude ikusgai Donostiako portuko dorretxean. Erakusketak Gordailua, Legazpi Dorretxea, Arantzazuko Santutegia, San Telmo Museoa eta Ordiziako Udalaren funtsetako 30 pieza inguru biltzen ditu, baita Madrilgo Untzi Museoaren eta Simancaseko Artxibo Nagusiaren erreprodukzioak ere.
Gainera, material interaktiboekin, jolas hezitzaileekin eta irakurketa-eremu batekin espazio didaktiko bat sortu du museoak, gazteei zein helduei zuzendua eta erakusketaren bisitaren ondoren modu independentean ibiltzeko pentsatua.
Azkenik, familientzako bereziki diseinatutako koaderno bat ere badago, erakusketako edukiak hobeto ulertzeko eta hausnarketa sustatzeko.
Jarduera osagarriak
Erakusketarekin batera, Donostiako portuko museoak diseinatutako jarduera-programa zabala izango da, helduentzako eta familientzako topaketak, bisita gidatuak eta tailerrak egingo dira 2026ko urtarriletik aurrera. Halaber, gaur, abenduak 4, 18:30ean, publiko zabalarentzako erakusketaren inaugurazioa egingo da, Xabier Alberdi zuzendari zientifikoak gidatutako doako lehen bisita batekin, eta ondoren mokadutxo bat bertaratutakoentzat.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian