Inoiz baino jarduera gehiago izan dira 60. edizioan, horien artean Sormen Bekako irabazleak saritzeko prentsaurrekoa. Aurtengo Sormen Beka Komiki lanetara bideratu da eta aurkeztutako hamabi lanen artean Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak izenekoa aukeratu du epaimahaiak.
Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarin dira Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komiki-proiektuaren egileak. Urdangarinen tesia ezagutu ostean, hiruren arteko elkarlan proiektu bat abiatzeko asmotik sortu zen. Egiak marrazkiak egingo ditu eta Olasok gidoia. Hala, batez ere Joxe Azurmendik Angela Davisekin zituen loturetan zentratuta, Azurmendi pentsalari feministekin elkartuko da komikian zehar, eta haien arteko eszenak fikzionatuko dira.
Joxe Azurmendi Arantzazuko Santutegian ikasle dabilela, aita hiltzen zaio lan istripu batean. Fedea auzitan jartzean, bizitzako zimenduak eraitsiko zaizkio eta bizitzaren zentzuaren bilaketan abiatuko da. Une berean, Dynamite Hillen (AEB) arrazializatutako familien aurkako bonba-erasoen ondotik, Angela Davis borroka anti-arrazistan aktibatu eta bere ibilbide politikoa hasiko du. Bi pertsonaia hauek munduko txoko ezberdinetan elkar lotzen joango dira, bidean hainbat gizaberetxorekin topatuz.
Eleberri grafiko honetan, krisietatik bilaketetara, gizaberetxo horien ezinegon, galdera eta gogoetak landuko dira, elkarren arteko zubiak eraikiz eta elkar aberastuz.
Euskal Herrian ardaztuta, Euskal Herriko eta munduko bazter zein egoera ezberdinetan kokatuko dira autoreok, haien bizitzako pasarte esanguratsu batzuk ezagutaraziz, haien pentsamendua azalduz eta gaur egun bogan dauden gizarte-auziak jorratuz. Pasarte ezberdinak collage modura josita, tonu umoretsu, jostari eta zorrotza izango da nagusi.
Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu Axpi, Adur Larrea eta Garazi Arrula izan dira aurtengo epaimahaikideek eta adierazi dutenez, Joxe Azurmendiri buruzko lana aukeratu dute, besteak beste, proiektu “anbiziotsu” bat delako.
Azaldu dutenez, “batetik, euskal pentsalari handi bat (gizonezkoa bera) bere garaiko mundu mailako pentsalari feministekin elkarrizketan jartzen duelako ezohiko formatu baten bitartez, komikiaren lengoaiaren bitartez, hain zuen ere. Bestetik, hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin lantzeko asmoa ere baloratu dugu. Orijinala da gaia eta tonua uztartzeko proposamena”.
Proiektu irabazlea, anekdota metaketa batetik harago doan arnas luzeko egitasmo bat da, hasi eta buka pentsamenduaren eta bizipenen gurutzatzeak harilkatuko dituena. “Alderdi grafikoari lotuta, interesgarria da formalismotik at estetika propio ez akademizista baten alde eginiko hautua, zeinak bat egin lezakeen istorioan aipatzen diren egileen jarrera intelektual ertzekoarekin”, erantsi dute.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian