Berba guztiak Gotzon Barandiaranek idatzitako Galbahea poema liburukoak dira Wafa kantakoa izan ezik. Horren hitzak Koldo Izagirrek sortu zituen.
Gotzon Barandiaranek Galbahea poema liburua argitaratu zuen 2024ko maiatzean, Susa argitaletxearen eskutik. “Ordurako, liburuko zenbait poema kanta bihurtuak genituen, zuzenean aurkezteko asmoz. Halaxe estreinatu genuen Literaturian Ez gara dena ahazteko nahiko biziko sentikaria, zeina, ondoren, besteak beste, Donostian, Getxon, Hondarribian, Lemoan edota Oiartzunen ere jendarteratu genuen”, azaldu du Larrabetzuko idazleak.
Barandiaranez gain, Lander Bilbao (ahotsa, gitarra), Mariana Blanco (biolina), Rafa Rueda (baxua, gitarra, teklatuak), Urdin Baraiazarra (mandolina) eta Uxue Garcia (biolina) musikariek osatzen dute Galbahe taldea. Kantuok ikus-entzuleengandik jaso zuten erantzunak hauspoturik, grabatzea erabaki zuten. Hala, Mungiako Larrabizker estudioan grabatu zuten diskoa aurtengo ekainean hasi eta urriaren amaiera bitartean. Mariana eta Uxueren biolinak, berriz, Urdulizko Tio Pete estudioan jaso zituzten. “Poemen takigrafo musikal ahalik eta leialena izaten ahalegindu gara, poemek berez duten musikalitateari ahalik eta traizio gutxien egiten. Ahalegin horren emaitza dira ahots, aldarte, jite, gorputzaldi, iturri eta umore ezberdineko kantuok”, adierazi du seikoteak.
Diskoak kolaborazio ugari ditu
Taldekideekin batera, hainbat musikarik kolaboratu dute diskoan: Amets Aranguren (ahotsa, Bakean elkarbizitzerik, Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko), Gaizka Sarasola (Ttunttuna eta xirula, Txoritxu txilibitaria), Gorka Urbizu (ahotsa, Bakean elkarbizitzerik, Ez zaitut behar beste zaindu) eta Maia Iribarne (ahotsa, Bakean elkarbizitzerik, Aylan).
Berba guztiak Galbahea poema liburukoak dira Wafa kantakoa izan ezik. Horren hitzak Koldo Izagirrek sortu zituen.
Beraz, “Galbahea poema liburu baten izena da, Galbahe, berriz, musika talde sortu berriarena, eta Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko Galbahe taldearen lehen diskoaren izenburua”.
Diskoa https://gotzonba.eus/galbahe loturan entzun daiteke jada eta abenduaren 19tik 2026ko urtarrilaren 31ra arte, https://www.badok.eus/ atarian ere egongo da entzungai.
Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko diskoa, abenduaren 19an aurkeztuko dute, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean, 21:30etik aurrera. “Durangoko Azokak bezala, Hori Bai gazte elkarteak 60 urte bete ditu aurten. Ospakizun bikoitza izango da gurea”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian